Hemen dituzu 1070/2017 Errege Dekretuari buruz jakin beharreko gai nagusietako batzuk. Aholkulari Fiskalen Espainiako Elkarteak (AEDAF) bere kabuz erantzun ditu atal honetako galdera guztiak.

Gogoan izan: hemengo informazioa ez da lege- nahiz zerga-aholkularitzatzat hartuko; aitzitik, gaiari buruzko informazioa bilatzen hasteko abiapuntua izango da. Konplexua da zerga-aholkularitza. Hori dela eta, zeure analisia egin beharko duzu horren gaineko aholkularitza jasotzen duzunean. Hobe zenuke kasuan kasuko egoera zure aholkulari fiskalarekin eztabaidatu.

1070/2017 Errege dekretuari buruz jakin beharreko informazio orokorra

Nori dagokio 1070/2017 Errege Dekretua?

Errege Dekretua honako hauei dagokie bakarrik: anfitrioien eta ostalarien artean bitartekotza-lanak egiten dituzten pertsona eta erakundeei, altzariz hornitutako eta berehala erabiltzeko moduan dagoen etxebizitza (osorik edo horren zati bat) aldi baterako turismo-xedeetarako lagatzeari dagokionez, baldin eta Espainiako lurraldean badago aipatu etxebizitza. Zehazki, “lankidetza-plataformek” informatu beharko dute. Errege Dekretuaren araberako bitartekotza-plataforma da Airbnb.

Nire iragarkiari al dagokio Airbnb-ren informazioa partekatzeko betebeharra?

Aldi baterako turismo-xedeetarako lagatako ostatuei buruzko datuak partekatuko dira.

Ez da, inola ere ez, ostatu hauei buruzko daturik partekatuko:

  • Batik bat bizitzeko behar iraunkorra asebetetzeko erabiltzen diren etxebizitzak.
  • Beren araudi espezifikoak erregulatutako ostatu turistikoak, hala nola hotel-establezimenduak (hotelak, apartahotelak, ostatuak, bainuetxeak etab.), landetxeak, aterpetxeak eta kanpinak.
  • “Txandaka aprobetxatzeko” erregimeneko ostatuak.

Unean-unean eskatzen da informazioa, ala etengabe jakinarazteko betebeharra al da?

Aldian-aldian eta epe jakinik gabe eman beharko da informazioa. 2018ko diru-sarreren aitorpena urtekoa da, eta 2019ko urtarrilaren 1etik 31ra bitartean aurkeztuko da. Hurrengo urteetakoak, berriz, hiru hilez behin aurkeztuko dira.

Zer informazio partekatu behar da zehazki Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin 1070/2017 Errege Dekretuaren arabera?

  • Etxebizitzako titularr(ar)en identifikazioa
  • Lagatzaile(ar)en edo anfitrioi(ar)en identifikazioa, baldin eta titularrak ez badira
  • Ostalarien (lagapen-hartzaileak) identifikazioa
  • Etxearen identifikazioa: helbide osoa, bai eta katastro-erreferentzia ere, halakorik izanez gero
  • Etxebizitza zenbat egunez erabiltzen den turismo-xedeetarako
  • Anfitrioiak jasotako zenbatekoa
  • Lagapenaren hasiera-data

2018ko transakzio guztiak jakinarazi behar al dira Errege Dekretuaren arabera?

Bai, 2018ko transakzio guzti-guztien berri eman behar da.

Beste administrazio publiko batzuekin parteka dezake Zerga Administrazioko Estatu Agentziak plataformek emandako informazioa?

Isilpekoa da Zerga Administrazioko Estatu Agentziak, bere zereginak betetzean, lortzen duen informazioa. Tributuen Lege Orokorraren 95. artikuluari jarraikiz, zerga-administrazioek ezin diete daturik laga zergekin zerikusirik ez duten beste administrazio batzuei, kasu jakin batzuetan izan ezik.

Nola eragiten dit 1070/2017 errege dekretuak?

Espainian bizi den anfitrioia ez banaiz, partekatuko al dira nire datuak?

Bai. Espainiako lurraldeko etxebizitzen titular guztiek dute informatzeko betebeharra.

Plataformak hiru hilez behin helarazten badio informazioa Zerga Administrazioko Estatu Agentziari, nik ere, anfitrioia naizenez gero, hiru hileroko aitorpenak egin behar al ditut?

Ez. Plataformak soilik eman behar du informazioa hiru hilez behin. Enpresaria ez bada, eta Espainian bizi bada, anfitrioiak urteko PFEZ aitorpenean baino ez ditu jakinaraziko lortutako diru-sarrerak; Espainian bizi ez bada, aldiz, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren hiru hileroko aitorpenean adieraziko ditu. Alokairu turistikoa enpresa-jarduera baten parte bada, kasuan kasuko araudian xedatutakoa beteko da.

Azken lau urteetako aitorpenak berrikus ditzake Zerga Administrazioko Estatu Agentziak?

Bai. Izan ere, 4 urteren buruan amaitzen da zerga-agintariek berrikusteko epea. Aitorpena borondatez aurkezteko epearen azken egunetik aurrera zenbatzen da preskripzio-epea.

Aukera dut oraindik 2018an jasotako diru-sarrerak aitortzeko?

Anfitrioiaren izaera, bizilekua eta jardueraren araberakoa izango da:

  • A. Pertsona fisikoa bada eta enpresaria ez bada:
    • a. Espainian bizi bada, PFEZ ordaindu beharko du; 2018an lortutako diru-sarrerak 2019an aitortuko ditu, arauak ezarritako epean, hots, apiriletik ekainera bitartean (Errenta Kanpaina).
    • b. Espainian bizi ez bada, ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga ordaindu beharko du. Kasu horretan, dirua sartu behar badu, etxe berari dagozkion eragiketa guztien hiru hileroko autolikidazioa aurkeztu beharko du, hiruhileko natural bakoitzaren hurrengo hilabetearen 1etik 20ra bitartean (biak barne); hau da, apirilean, uztailean, urrian eta urtarrilean. Aurreko hiruhilekoetako autolikidazioak aurkeztu ez baditu, aukera izango du horiek epez kanpo aurkezteko Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eskatu baino lehen; halakoetan, ez da zigorrik ezarriko, baina gainordainak izango dira. Emaitza zero kuota bada, urtean behin aurkeztuko da, hurrengo urteko urtarrilaren 1etik 20ra bitartean.
  • B. Anfitrioia enpresaria bada:
    • Espainian bizi bada, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren (pertsona fisikoak) nahiz sozietateen gaineko zergaren (pertsona juridikoak) araudietan xedatutakoaren arabera aitortu beharko ditu diru-sarrerak. Bertan bizi ez bada, ostera, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren araudian xedatutakoaren arabera jokatuko du anfitrioiak.

Gerta liteke plataformek nire diru-sarrerei buruz partekatzen duten informazioa bat ez etortzea nik aitortutako zenbatekoekin?

Lankidetza-plataformek anfitrioiak jasotako diru-sarrera garbien berri eman behar dute (“jasotako zenbatekoa”); nolanahi ere, anfitrioiek honako hauek aitortu beharko dituzte: sarrera gordinak, alde batetik, eta gastu kengarriak, bestetik. Aplikatzekoak diren gastu kengarriei buruz gehiago jakin nahi baduzu, galdetu zure aholkulari fiskalari.

Sartu orri honetan Airbnb-k Errege Dekretua nola beteko duen jakiteko